2013/10/02

Auzokideek emandako elkartasuna eskertu dute Oskar Sanchezen senideek

IMG_2245

Argazkian, atzoko manifestazioa Itzubaltzetan / cc-by Ukberri.net.

Bart gaueko 9ak aldera hasi dira deklaratzen Guardia Zibilaren aurrean Herrirako 18 kide atxilotuak. Agerraldia Madrilgo Tres Cantos komisarian izan da eta inputatuek konfiantzazko abokatua izan dute alboan. "Busturialdeko Hitza" aipatuz Ukberri.net agerkari digitalak zabaldu duenez, Nagore Garciari, Manuel Ugartemendiari, Gorka Gonzalezi, Ane Zelaiari, Francisco Baldari, Jon Garairi, Sergio Labaieni, Imanol Karrerari eta Eneko Villegasi galdeketa egitea zeukaten aurreikusita. "Biharko egunean [gaur, asteazkena] zehar, Oskar deklaratuko duela jakin izan dugu" esan zieten Itzubaltzetako Herriraren kideek Oskar Sanchezen alde atzo iluntzean manifestatu ziren 400 pertsonei. Aurretik zabaldu bezala, atxilotuak bihar pasako dira Eloy Velasco epailearen aurretik, "egun horretan amaitzuko baita legeak ezartzen duen 72 orduko gehienezko epea". Herrirak gatibu itzubaltzetarraren senideek eta gertuko lagunek emandako mezua ere zabaldu zien plazan batutakoei: "gure eskerrik beroenak, zuei, guztioi, itzelak zarete eta ematen diguzuen elkartasun eta indar honekin muga guztiak apurtuko ditugu”. Horrekin batera, gaurko eta datozen egunetarako mobilizazio gehiago iragarri dituzte.

Herriraren arabera, "anitzak izan dira euskal preso eta iheslari politikoen alde buruturiko ekimenak eta Euskal Herriak jasan duen eraso berri hau borroka horretan jarraitzeko beste arrazoi bat besterik ez da. Argi utzi dute herri honek egunero erakusten duen elkartasunak urduri jartzen dituela eta beraien urduritasunak gora egingo du, mantentzen duten blokeoa apurtu arte", ohartarazi zutenez.

"Herrira herri izaera duen mugimendua izan da jaiotzetik eta heldu da ordua tantaz tanta itsasoa sortzeko. Heldu da herri gisa erantzuteko ordua. Horretarako, hainbat ekimen egingo ditugu", iragarri zuten euskal presoen aldeko militanteek. Hasteko, gaur eta bihar, "Oskar eta besteak libre egon arte", manifestazioa izango da azken egunotako ordu eta leku berean, 20:00etan, Kolas plazatik. Ostiralean, ordea, auzo eta herri guztietan ekimenak izango direla aurreratu dute. Azkenik, larunbat goizerako, 13:00etan "Itzubaltzetako herri osoa piztuko duen ekimenara gonbidatu" dituzte auzokideak. "Giza kate erraldoia" osatuko dute preso eta iheslari politiko guztien eskubideen alde, Aurrezki Kutxa, Gobelondo eta Kalamua kaleetatik. Arratsean Bilbon izango da nazio manifestazioa, 17:30ean Casillan abiatuko dena.

Oskar Sanchez Setien 24 urteko abokatu itzubaltzetarra astelehenean goizeko 10:30ak aldera atxilotu zuten Hernanin, Herrirak bertan duen bulegoan, bilera batean. Gauera arte han izan zuten, guardia zibilek lokala miatzen zuten bitartean. Egun horretako iluntzean, 620 lagunek eskatu zuten Sanchezen askatasuna Itzubaltzeta / Romon. Sopelan, Altzagan eta Astrabuduan ere mobilizazioak izan ziren, 70, 60 eta 25 pertsona batu zirela.

18 atxilotuei ETAko kideak izatea, erakunde armatua finantzatzea eta terrorismoaren goratzea leporatzen dizkie Velasco epaileak.

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.