Argazkian, Sopelako
Herrirak presoen alde egindako manifestazio bat artxiboko irudian / cc-by Ukberri.net
Olga Sanz Martin preso politiko sopeloztarrari
jaiotzear den umea berarengandik eta aitarengandik banatzeko mehatxua
egin diote, senideek eta EH Bilduk salatu dutenez. Euskal Preso
Politikoen Kolektibotik (EPPK) ateraraztea eta hori dioen agiria
sinaraztea da mehatxuen xedea, sendia eta koalizioaren aburuz. Horren
aurrean, umearen, amaren eta aitaren eskubideak bermatzea exijitu dute.
Gaur, Julen Arzuaga legebiltzarkideak Olgari Espainiako Gobernuak egiten
dion xantai ankerra salatu eta espetxe politikaz galdetu dio Iñigo
Urkullu EAEko lehendakariari, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran.
Urkulluk presoekiko jarrera "leun eta sentikorra" izatea eskatu dio
Espainiako Gobernuari eta, aldi berean, presoek "haien erantzukizunak
beren gain har ditzaten eta dagozkien urratsak eman ditzaten" eskatu du.
Olga Sanz pasa den apirilaren 30ean lekuz aldatu zuten Asturiasko Villabona
kartzelatik Madrilgo Soto del Real espetxera. Bidaia anbulantziaz egin
behar izan zuen, haurdunaldiaren azken hilabetean baitago. Hori dela eta
kartzelako erizaindegian dute eta bertan bakarrik dago, espetxe
horretako preso politiko bakarra isolamenduan dela.
Senideek
atzo kaleratu zuten oharraren arabera, Olga Sanzi hilabete bat edo falta
zaio Oier bere eta Xabi Moreno mutil-lagun eta preso politiko
sopeloztarraren semea erditzeko. Halere, Xabi Villabonan mantendu
dute, Olga eta Oierrengandik banatuz. Azken 15 urteotan espetxe berean
izan da beti bikote sopeloztarra, Alcala, Soto del Real, Zuera,
Picassent edo Villabona zela.
Senideek gogoratu dutenez, Oierrez haurdun lotu zenean, Villabonan
amentzako modulurik ez dagoenez, bertatik lekuz aldatuko zutela esan
zioten Olga Sanzi. Orain arte, baina, haurdunaldiaren jarraipen osoa
Oviedoko ospitalean egin diote eta martxoan epaileak hitza eman zion
ospitale horretan erdituko zuela, ondoren amaren modulua duen Madrilgo
Aranjuez espetxera lekuz aldatuko zituztela bera, semea eta
mutil-laguna. Apirilean, ordea, Aranjuezera berehala eramango zutela
esan zion kartzelero batek. Gainera, umea Asturiasen izatekotan, "haurra
erretenituta geldi zitekeela egun edo hilabete batzuk, espedientea itxi
arte" eta horrek atzeratuko zuela Aranjuezerako bidaia.
Haurdunaldia iraun duen denboran zein aurreko urteetan ere, EPPKtik
aldentzeko agiria sina dezan presionatu dute Sanz, familiak azaldu
duenez: Haurdunaldia, lekuz aldatzea, haurtxoa erretenitzea, bere
mutil-lagunarengandik banatzea... behin eta berriro erabili dituzte
sinatzen behartzeko.
Familiak zehaztu duenez, hainbat dira Oier, Olga eta Xabiri urratutako
eskubideak: espetxealdiak zigor erantsirik ez eragitea, espetxe zigorra
sorburutik hurbilen dagoen espetxean betetzea, haurdunaldia baldintza
fisiko, psikologiko eta afektibo onetan izatea, amak haurdunaldia
mutil-laguna den haurraren aitarekin partekatzea, familia batuta
mantentzea, aitak bere neska-lagun eta semearekin egotea eta,
garrantzitsuena, haurrak ama eta aita alboan izateko eskubidea.
Olga eta Xabi askatu!
Euskal preso eta iheslari politikoak herrira!
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.