2013/04/16

Iker Rodrigo kalean da jada

Argazkian, Iker Rodrigoren atxiloketa salatzeko mobilizazioa atzo Erandion.

Iker Rodrigo Bizkaiko Sorturen koordinatzaileordea kalean dago jada. Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. epaitegiko magistratuak bi orduz galdekatu ostean aske utzi du, fidantzarik gabe, Ukberri.net agerkari digitalak zabaldu duenez. Erandioztarra atzo atxilotzeko agindu zuen Velascok. Halere, Lutxanako politikariak bi astero epaitegira joan beharko du sinatzera eta pasaportea erretiratu diote. Gauzak horrela, Xabier Lopez Peña euskal preso politikoa zenaren harreragatik abiatutako ikerketan inputatuta jarraituko du Iker Rodrigo, "terrorismoa goratzea" leporatuta. Hasier Arraiz Sortuko presidenteak gatazkaren konponbidea oztopatu nahi dutenekin lotu du Rodrigoren atxiloketa, gaur goizean Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Arratsaldean, 20:00etan Itzubaltzeta / Romo eta Areeta artean dagoen Xake plazan egingo diote harrera Iker Rodrigori. Itzubaltzetan bizi da mutila.

Arraiz gaur goizean berretsi duenez Sortuk ez zuen antolatu Lopez Peña zenaren hilotzaren harrera. Bere ustez, "Rodrigo atxilotu dute Lopez Peñaren sendiaren gertukoa delako. Kointzidentzia hori bilatu nahi izan dute harreraren atzean Sortu dagoela esan eta ilegalizazioarekin mehatxu egiteko". Lopez Peñaren sendiak atzo goizean aldarrikatu zuten harrera ekitaldiak "pribatuak" zirela eta ezein erakunderik ez zituela antolatu. 

Bitartean, Espainiako Auzitegi Gorenak D3M eta Askatasuneko 11 kideren absoluzioa berretsi du gaur goizean, Efe albiste-agentziak zabaldu duenez. Auziperatutako lagunen artean Eli Zubiaga algortarra eta Iker Rodrigo lutxanarra bera daude.

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.