2013/03/20

Maiatzera bitartean ekimenak egingo dituzte Kitxuren askatasuna aldarrikatzeko


Europako Giza Eskubideen Auzitegiak gaur egin du Ines del Rio preso politikoaren egoerari buruzko auzi saioa. 2012ko uztailaren 12an Estrasburgoko auzitegiak giza eskubideen aurkakotzat jo zuen gatibu tafallarrari 197/2006 edo Parot ezizenez ezaguna den dotrina ezarri izana. Askatu beharrean, helegitea jarri zuen Espainiako Gobernuak. Del Riori buruz hartuko den erabakiak beste 73 euskal preso politikarengan eragina izango du, tartean Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" itzubaltzetarrarengan. Bada, goizean bezala, iluntzean ere mobilizazioak egin dituzte eskualdean doktrina horren derogazioa exijitzeko. Algortako Telletxe plazan 110 bat lagun elkartu dira eta Itzubaltzeta / Romon 75 pertsona inguruk egin dute manifestazioa. Sopelako udaletxe aurrean, Plentziako Pirulin eta Urdulizko metro geltoki ondoan ere izan dira kontzentrazioak. Itzubaltzetako Herrira bilguneak, gainera, hainbat ekimen iragarri ditu hurrengo hilabeteetarako. Besteak beste, "Kitxu gure artean egon behar zen egunean", Valladolideko espetxera egingo dute martxa. Hilabete horretako 17tik 19ra, berriz, 197/2006 doktrinaren kontrako kanpaldia egongo da eta, aipatu azken egun horretan, Uribe Kosta mailako manifestazioa Itzubaltzetan.

Aurretik, ostiral honetan, 13:00etan jarri dute hitzordua Itzubaltzeta eta Lamiakoren muga den Putzegilearen errotondan, Korrikaren lekukoa hartuta, preso eta iheslari politikoei ere "euskara emateko". Egun berean, asanblada orokorra egingo du Itzubaltzetako Herrirak, 19:30ean, kultur etxean. Joan den ostiralean ziren egitekoak, baina bertan behera utzi zuten etxean espetxealdi arinduan zeukaten Anjel Figueroa Fernandez preso gaixo algortarra zendu zelako. Azkenik, apirilaren 30ean, 197/2006 doktrinaren kontrako mozioa aurkeztuko dute Getxoko udal batzarrean, ordura arte batutako sinadurak baliatuta. Itzubaltzeta / Romoko Branka herriko tabernan eta gaztetxean (etxe merkea) ez ezik, Algortako Amnistia tabernan eta Abian kultur elkartean ere egongo da sinatzeko aukera. Bitartean, Kitxuri animo-gutunak bidaltzeko eskatu dute. 

Helbidea:

Iñaki Gonzalo Casal
C.P. Villanubla
47011 Villanubla (Valladolid)

Giza eskubideak, irtenbidea, bakea. 197/2006 dontrina eten!
Ines del Rio, Kitxu eta besteak askatu!

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.