2013/01/30

Ostiralera arte atzeratu dute Jon Rosalesen kontrako epaiketa

Argazkian, atzo 30 bat lagun elkartu ziren Getxoko udaletxe aurrean, osoko bilkura hasi aurretik / cc-by Ukberri.net

Astelehenean hasi zen Jon Rosales Palenzuela gaztearen eta beste zortzi euskal herritarren kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta gaur arte irautea espero zen. Algortako Telletxe plazan iluntzeko batzar informatiboan bildutako 30 bat lagunei adierazi dietenez, ordea, atzo 21:00ak arte luzatu zen bista eta prozesua ostiralera arte atzeratzea erabaki zuen Fernando Grande-Marlaska epaileak. Gauzak horrela, aipatu egunerako mobilizazioa deitu dute 20:00etan, Telletxen bertan. ETAri laguntza ematea egotzita, 10 urteko espetxe zigor eskaerari eskatzen dute Rosalesentzat, akusazioan oinarri bakarra, inkomunikazio aldian, basaki torturatuta izan zenean ateratako deklarazioa dela. Herriko bizilagun izandako Jone Lozano Miranda gatibu leitzarra ere inputatuta dago auzian, baina, momentuz, ez da epaitua izango egun Frantzian, Lyon-Corbas espetxean, preso daukatelako.

Jon Rosales Palenzuela algortarraren eta beste zortzi euskal herritarren kontrako epaiketaren inguruan Getxoko Bilduk atzoko udal batzarrean aurkeztutako mozioari dagokionez, PPk eta PSE-EEk aurka bozkatu zuten. EAJ, berriz, abstenitu egin zen, koalizio ezkertiarrak jelkideek aurkeztutako zeharkako emendakina atzera bota ostean. Osoko bilkura hasi baino lehen, 30 bat gizon-emakumek egin zuten elkarretaratzea udaletxe aurrean. Galde-eskaera txandan, berriz, Rosalesen amak zuzeneko interpelazioa egin zion Imanol Landa alkateari.

0 iruzkin:

Iruzkin bat idatzi

Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.