ELA-ren oharra:
ELAk bere afiliatuei dei egiten die datorren azaroaren 10ean Baionan
frantses estatuari beste espetxe-politika bat galdatzeko egingo den
manifestazioan parte har dezaten. Deialdian ehunka hautetsik eta hainbat
erakunde sozial, sindikal eta politikok hartuko dute parte.
Gure sindikatuaren iritziz, zoritxarrez Frantziako espetxe-politika
espainiar gobernuek egin izan dutenaren jarraipen itsua da. Hala gertatu
da duela hainbat hamarkadatik hona sakabanatze politikarekin, eta are
gogorrago PPk eta PSOEk 2000ko hamarkada hasieran sinatu zuten itun
antiterroristaren ostean; aipatzekoa da Espainia eta Frantziako UGT,
CCOO, CGT, CFDT, UNSA eta FO sindikatuek ere itunarekin bat egin zutela.
Aieteko Konferentzia egin zenetik eta ETAk borroka armatua behin
betiko uzteko iragarpenetik urtebete igaro delarik, espainiar eta
frantses estatuak lehengo jarrera gotorrari eusten diote. Alabaina, ELAk
uste du elkarrizketa politikorako bideak urratu behar direla
bizikidetzan ibilbide pertsonal eta kolektibo desberdinak bateratu ahal
izateko eta gure herrian adiskidetzea eta normalizazioa irits ahal
daitezen. Elkarrizketak ekarriko lukeen negoziazio baten bidez behin
betiko bakea finkatuko litzateke, eta honek hain zuzen espetxe-politikan
izango luke islada garrantzitsu bat.
Beraz, ELAk hautatu berria den Frantziako gobernuari eskatzen dio
errotik alda dezala euskal preso politikoekiko daraman politika, eta
espero du manifestazioa mugarria izatea gure herrian bakerantz egiten
ari garen bidean.
ELAko zuzendaritza konfederalaren ordezkaritza batek deialdian parte hartuko du.
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.