Irailaren 28an (...) Logroñotik Iruñera doan
autobia berria hartu nuen, A-12 delakoa. Bertan 18:30ak inguru
zirelarik, kotxe bat aldamenean jarri zitzaidan; ni eskuineko karrilean
eta bera ezkerrekoan ez aurrera ez atzera. Aurreratzeko asmorik ez zuela
konturatzerakoan nik abiadura handitu nuen, eta berak berdina egin zuen
nire parean berriro ere jarriaz; alderantzizko operazioa egin nuen,
abiadura moteldu eta berak ere berdin. Aurpegia biratu nuen orduan
kotxeko bidaiariak ikusteko asmotan, 2 gizon ziren.
Arroniz izeneko irteeraren parean kotxeak niregana jo zuen errepidetik
aterarazteko asmoz, nik orduan 2 aukera nituen edo kotxea kolpatu edo
irteera hartu; inkontzienteki irteera hartu nuen, eta abiadura
handiarekin nindoanez kotxeak derrapatu egin zuen, eta 3-4 buelta eman
nituen. Orduan gertatutakoa sinetsi ezinik, berriro autobia hartzeko
asmoz piztu nuen kotxearen motorra; hanka dardarka nuela ohartu nintzen
eta errepidearen alboan gelditzea erabaki nuen, lasaitzeko.
Han nengoela, ni ohartu nintzenerako, 2 gizonak kotxearen inguruan
neuzkan. Bata kotxearen aurrean nik aurrera egin ez nendin, eta bestea
nire aldamenean leihatilan kolpeka. Garrasika hasi zen alboan nuen
gizona, kotxetik irten nendin, “puta zorra bajate del coche ya” eta
horrelakoak esanaz. Ni erabat beldurturik nengoen, eta kotxetik jaisteko
inongo asmorik ez nuela esan nien. Orduan alboko gizonak plaka bat
kristalean jarri eta nire izenez deitu ninduen. Uste dut plaka hori
Polizia Nazionalarena zela, baina, ezin dut ehuneko ehunean ziurtatu.
Lasaitzeko esaten zidan, niretzako hobe izango zela kotxetik irtetea
eta horrelakoak esanaz. Nik ezetz eta ezetz. Uniformatuak etor zitezen
eskatu nien, beraiekin ez nuela ezer jakin nahi. Bidean zeudela esan
zidaten, eta bitartean leihatila jaisteko eta kotxeko paperak emateko.
Azkenean ez dakit zergatik, leihatila jaistea erabaki nuen; momentu
horretaz baliatu zen orduan nire alboko polizia, eta kotxeko atea ireki
zuen leihotik eskua azkar sartuaz.
Momentu
horretatik hasi ziren mehatxuak, irainak, bortizkeria…iletik tiraka
kotxetik atera ninduen batek eta lurrera bota. Bertan nengoela hankaz
zapaltzen ninduen zutitu ez nendin. Nik etengabe zutitzeko ahaleginak
egiten nituen garrasi egiten nien bitartean. Zergatik bota ninduten
errepidetik galdetzen nien etengabe, zergatik bueltatu ziren niregana…
beraien erantzuna “ hemos vuelto para ver si te habias muerto y habia
una zorra menos” izan zelarik. Etengabe emakumea nintzela baliatuz,
umiliatzen aritu ziren, bortxatuko nindutelako mehatxuak. Momentu batean
lurretik altxatzea lortu nuen eta polizia batek airean hartu ninduen,
eta eskumuturrak atzean loturik bezala heldu ninduen. Atzean nuen
poliziak eskumuturretatik heltzen ninduen bitartean, nik ihes egiteko
ahaleginetan mugitzen ari nintzen etengabe; izugarrizko mina jasaten ari
nintzelarik, gero ohartu nintzen ezkerreko eskumuturrean sekulako
erredurak nituela.
Atzean
nuen polizia orduan ipurdia ukitzen hasi zitzaidan eta ea gustatzen
zitzaidan galdezka. Parean nuenak bularrak ukitu zizkidan eta hankartean
ostiko bat ematea lortu nuen. Orduan lepotik hartu ninduen eta “te voy a
violar y te voy a matar por lo que has echo” esan zidan. Berriro
lurrera, eta berriro hanka bular gainean, altxa ez nendin. Orduan nire
bizilekuaz, lantokiaz, ibiltzen naizen lekuez…hasi ziren hitz egiten,
nik jakin nezan ezagutzen nindutela. Ez zidaten galderarik egiten, dena
beraiek esaten zuten, eta nik hitz egiterakoan isiltzeko eta isiltzeko.
Nik aurre egiten nien. “como no te calles y dejes de insultarnos esta
noche tendremos algo que celebrar”, “eres una zorra valiente, ya veremos
despues de violarte si sigues igual” esan zidan batek. Ez nekien
bortxatu, atxilotu…edo zer egin nahi zuten nirekin, azken finean nik
kotxearekin istripua izan nezan bultzatu baitzuten.
Beraien
artean etengabe hitz egiten zuten, nirekin zer egin adosteko; nik ez
nekien nola irten egoera horretatik. Azkenean batek lurretik altxa eta
lepotik helduaz honakoa esan zidan: “ vamos a jugar a un juego, te damos
5 minutos de ventaja, métete en el coche y corre todo lo que puedas, si
te volvemos a ver por la autobia no lo cuentas”; orduan askatu ninduen,
eta ni korrika kotxean sartu eta ahal nuen azkarren autobia hartu eta
etxerako norantza hartu nuen. Izugarrizko abiadaz joan nintzen 10 bat
minututan, kontziente izan nintzen arte; orduan gasolindegi batean
gelditzea erabaki nuen lasaitzeko, nirekiko pentsatu nuen ez zirela
berearekin irtengo, ez nintzela hain azkar joango errepidetik, azkenean
beraiek bilatzen zutena baitzen, nik istripua nire kabuz izatea eta
beraiek inpunitate osoz ateratzea egoera horretatik; ni erahiltzea zela
helburua pentsatu nuen, baina beraien “parte-hartzerik” gabe.
0 iruzkin:
Iruzkin bat idatzi
Iruzkina bidali bezain pronto ez bada agertzen ez kezkatu. Ahalik eta lasterren argitaratuko dugu. Mila esker.